XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GARAI LEGENDARIOAK

Edozein aro edo garaitan, lurpea zerbait misteriotsua edo liluragarria izan da gizakiarentzat. Sarritan deabruen, iratxo, edo azti ongileen bizilekutzat nahiz altxor zaharren gordelekutzat hartuak, harpe edo leizeek sorginduta eduki dute gizakia historian zehar.

Harpe edo Leizeei buruzko legendak oso ugariak dira eta ezin hobeto datoz euskal mitologiarekin. Horietako kondaira batzuk bizirik diraute oraindik orain, antzinaterik zaharrenetik datozen ideietan oinarrituz. Joxe Miel Barandiaran apaiza izen zen, bere erbestealdian zegoen bitartean, Sarako pertsona edadetuen artean eta haien ahoetatik jaso zituena.

Horrela, hortxe dauzkagu deabruaren kontuak, Mari bezalako euskal jainkosen pasadizoak. Lamina eta iratxoenak, edota Jentilak izeneko erraldoienak, eta baita ez hain urruti dagoen Nafarroarekin komunikatzen duten pasabide ezkutuen kontuak ere.

Beste hainbat legenda, ipuin edo kondaira, baina askoz ere berriagoak hauek, bildu zituen Barandiaranek, AXULAR idazleari buruzkoak, eta horien arabera deabruaren ikaslea izan omen zen gure erretorea, Sarako Harpeetan. Legenda hori gogorarazten digu, 1994. urtetik, Oteizaren ikasle izandako Jon Iturrarte eskultore gipuzkoarraren obra artistikoak, Leizeen sarreran kokatua dagoenak. Ba ote beste lekurik, duela hainbat milaka urtetik hona, gizakia harpeak edo leizeak adina liluratzen dutenik?

GARAI HISTORIKOAK

Leizeen inguruan sortutako legenda edo ipuinen gainetik, Sarako biztanleek erabili izan dituzte harpe horiek garai historikoetan.

Ganaduarentzako aterpe edo babeslekutzat erabiliak izan ziren, eta leizeetan jasotako simaurra ongarri gisa erabili ohi zen nekazaritzako lanetan.

Bestalde, paraje horietan egiten omen ziren AKELARRE deituak. Akelarre izenarekin ezagutzen ziren Euskal Herriko hainbat lekutan, adibidez Sarako Leizeetan, edo Larrun mendiaren gailurrean, edo beste toki batzuetan ere, gauez egiten ziren bilera edo batzarrak. Arrazoi horiek zirela medio, leizerik ospetsuenak Zugarramurdikoak izan ziren, Sarako harpeetatik 2 km-ra kokatuak.

Kristau-kutsutik oso gutxi zuten bilera edo batzarraldi horiekin kezkatuta, eta horiek debekatu eta desagertarazi nahian Pierre Delancre inkisidoreak ehundaka lapurtar jazarri zituen, eta tortura luze eta epaiketa faltsuen ondotik, sutan erretzera kondenatu zituen, sorginkeria akusaziopean: 1609. urtea zen.

Geroago, XIX. mendean, gerra napoleonikoetan edo karlistadetan zaurituak izandako soldaduak edota erdi-hilik edo hiltzear zeudenak leizeetara etortzen ziren babes bila.

Sarako Leizeek jakinmina ere sortzen zuten garai haietan erromantikoentzako, autore edo idazle desberdinek beren obretan aipatu ondoren. Horrela sortzen da honek bisitatzeko grina, eta XIX. mendean bertan hasten da Leizeen ospe edo entzute-unerik handiena, Gorte inperialak 1858 eta 1866. urteetan harpeetara egindako bi bisitaldien ondotik.

Baina gure herrian aspalditik zetorren usarioari jarraituz, Leizeak hainbat jenderentzat bizibide nagusia zen kontrabandorako aterpe ezin hobea ere izan ziren denbora luzean. Izan ere, kontrabandoa edo gaueko lana esaten zitzaiona ez zen abeltzain, baserritar eta nekazariz osatutako mundu nahiko itxi horretako merkataritza eta salerosketaren alderdi bat besterik.

XIX. mendearen bezperetan hasi ziren aurreneko zientzilariak Leizeako haitzuloengatik beren interesa erakusten.